Noizbait amestu al duzu zuhaitz batean lo egitea? Gustatuko al litzaizuke ikustea nola zimurtzen diren zure eskuak gaztelu bateko dorrean dagoen spa batean edo izarrei begira zaudela loak har zaitzan? Deskubri ezazu Euskadiren esentzia Grand Tourrean zehar 10 ostatu apart hauetan. Tradizioak eta modernotasunak bat egiten dute, zuri esperientzia abegitsu eta paregabea eskaintzeko.
1. Etxolak zuhaitzetan, Zeanuri:
17 metroko altueran lo egitearen magia, Lekeitio eta Vitoria-Gasteiz artean.
Zuhaitz batean lo egiteko zure ametsa egia bihur daiteke Zeanurin, Gorbeiako Parke Naturalean, Zuhaitz Etxeei esker.
10 etxola daude landa-inguruko ostatuen gune orijinal honetan, horietako bi Europako altuenak. Haizearen xuxurlarekin esna zaitezke hemen, inguratzen zaituen berezko edertasunean bilduta.
Ostatuaz gain, bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu Zuhaitz Etxeak guneak, hala nola afari erromantikoak, eko-piknika eta spa ekologiko bat.
Eta bertigoa baldin baduzu, ez zaitez kezkatu, izan ere baserriaren lorategian lau ijito-gurdi koloretsu eta eroso aurkituko dituzu.
Ez ezazu galdu amets guztiak egia bihur daitezkeen leku honetara ihes egiteko eta atseden hartzeko gonbidapen hau.
2. Sierra Salvada Bubbles, Aiarako harana.
Euskadiko burbuila-ostatu bakarra, Vitoria-Gasteiz eta Guardia artean.
Mendixka berdeen eta zelai ederren artean ezkutatuko paradisu honek xarmaz eta lasaitasunez betetako esperientzia berezi batean murgiltzera gonbidatzen zaitu.
Sierra Salvada Bubbles ostatuko burbuila gardenek izar-mantu baten azpian lo egiteko aukera ematen dizute. Imajina ezazu burbuila barrura sartzen diren lehenengo eguzki-izpiekin esnatzea, zure inguruan Aiarako Harana esnatzen ari den bitartean. Glampinga goragoko beste dimentsio batera eramaten duen esperientzia da, erosotasun modernoa eta naturaren jatortasuna uztartzen dituena.
Goza ezazu yogaz eta zaldiz paseatuz Aiarako Haraneko burbuiletan egiten duzun egonaldian, erlaxatu zaitezen eta natura esplora dezazun.
3. Palacio Arriluce, historiaz betetako luxua Getxon
Ostatu berria, Bilbotik gertu
Bilbotik gertu lo egiteko leku bila bazabiltza eta jauregi batean ostatu hartzearen esperientzia bizi nahi baduzu, Arriluze Jauregiak liluratu egingo zaitu.
Jose Luis Oriol Uriguen arkitektoak sortu zuen Arriluze Jauregia 1912an, eta 49 logela eta suite dituen luxuzko hotela da orain. Batzarrak egiteko aretoak, jatetxea, taberna, gimnasioa eta spa bat ere baditu, gainera.
Getxon dago jauregia, Bilbotik 12 kilometrora bakarrik. Itsasertzeko udalerria da Getxo, dituen jauregitxoengatik ezaguna; industrializazioaren garaian, goi-mailako burgesen bizileku izan ziren jauregitxo horiek. Eskaintza erakargarri ugari du, gainera, Getxok, hala nola hondartzak, Algortako portu zahar historikoa eta Bizkaia Zubi ikonikoa, “Zubi Zintzilikaria” izenarekin ezagunagoa.
Arriluze Jauregiak, gainera, igerileku bat du aire zabalean, yogarako gune batekin eta itsasadarrera eta hondartzara bista paregabeak dituen taberna batekin. Aukera ezin hobea, Bilbon eta Getxon ibili ondoren erlaxa zaitezen.
Eraikina birgaituta dago, haren ondare-balioa zaintzeko; mantendu egin dira jatorrizko elementuak, eta modernizazio dotorea lortzen duen barne-diseinu batekin konbinatu dira.
4. Marqués de Riscal hotela, Eltziego, Arabako Errioxa.
Hotel berezia ingurune berezi batean, Gasteiz eta Biasteri artean
Goazen Arabako Errioxara, Marqués de Riscalen Ardoaren Hirira. Marriot International katearen luxuzko hotel hau ezagutu nahi dugu: Marqués de Riscal hotela.
Arkitekturaren arloko mundu mailako sari nagusia, Pritzker Saria alegia, jaso zuen Frank O. Gehry arkitektoak diseinatu zuen hotela, Bilboko Guggenheim Museoaren egileak. Ezin hobeto uztartzen ditu hotelak mahastigintzaren eta ardogintzaren tradiziorik errotuena eta abangoardismoa, luxua eta XXI. mendeko teknologiarik aurreratuena.
Herederos del Marqués de Riscal upategien ondoan dago eraikina. Eltziego Erdi Aroko herriaren eta mahastien artean.
Luxuzko 61 logela ditu, horietatik 10 suiteak, aireko pasabide ikusgarri baten bitartez elkartuta dauden bi eraikinetan banatuta. Logela guztiak dira, gainera, elkarren artean ezberdinak eta bereziak, dituzten formengatik eta bistengatik.
Bereziki aipatzekoak dira Lounge VIPeko begiratokitik eta hoteleko Jatetxe Gastronomikotik dauden bistak; Michelin izar bat du jatetxeak. Beste esperientzia paregabe bat: ardoterapia, Spa Vinothérapie® Caudalie Marqués de Riscalen eskutik.
Deskubritu itzazu tratamendu eta sentsazio horiek guztiak, mahastiaren esentziarik garbienekin eta beste osagai natural batzuekin egindakoak.
5. Kampaoh Zumaia
Glampinga Flyscheko itsaslabarretan
Euskal Kostaldeko Geoparkea bisitatu duzu eta erosotasun guztiak eskaintzen dizkizun kanpin batean atseden hartu nahi duzu? Lekeitiotik Zarautzerako bigarren etapan, ezagut ezazu kanpin berezi hau: Kampaoh Zumaia.
Kampaoh kanpinetan, hainbat kanpin-denda mota duzu aukeran, iristen zarenerako erosotasun guztiekin ekipatuta eta prestatuta aurkituko dituzunak; ezaugarri ezberdinak dituzte, zure beharretara egokitzeko.
Glam-dendak bikainak dira bikotean edo familian egun batzuk igarotzeko. Material nobleekin eginda daude eta, horri eta duten ekipamenduari eta dekorazioari esker, giro goxoa eta oso erosoa sortzen dute.
Zein da zure gustukoena? Euskadi-Basque Country Grand Tour bira egiteko asmoa al duzu? Dela kostaldeko lasaitasunaz gozatu nahi duzula, dela barnealdeko paisaien edertasun bila zabiltzala, xarmadun leku hauek Euskadi modu berezi eta gogoangarrian deskubritzera gonbidatzen zaituzte.
Ongi etorri ostatua esperientziaren beraren parte bihurtuko den bidaia honetara! Aztarna ahaztezina utziko du zure bihotzean!
6. Arteagako Gaztelua, Gautegiz – Arteaga
Egoitza inperiala, Urdaibaiko Erreserban bertan.
Gautegiz-Arteaga udalerrian dago Arteagako Gaztelua, historia eta dotoretasuna konbinatzen dituen altxor arkitektonikoa. Bilbotik 40 kilometrora, gaztelu handientsu honetan ostatu har dezakezu.
María Eugenia de Montijo enperatrizak birmoldatu zuen Arteagako Gaztelua. Gaur egun, elementu apaingarriak kontserbatzen dira, ahaztutako garaietako esentzia eta giroa mantenduz.
Natura-ingurune ikusgarri batek inguratuta dago gaztelua, eta kontu eta arreta handiz bihurtu dute xarma handiko eta luxuzko hotel. Aparteko gustuz apaindutako logelak ditu, eta Erdi Aroko historia eta erosotasun garaikidea uztartzen dituen esperientzia berezia bizi izateko aukera eskaintzen die Arteagako Gazteluak bisitariei.
Goi-mailako sukaldaritza eskaintzen duen jatetxea ere badu hotelak; euskal sukaldaritza tradizional aberatsa nabarmentzen da, bezeroei esperientzia gastronomiko ahaztezina eskaintzen diena.
7. Ea Asteiko Etxeak:benetako baserri bat, Gaztelugatxeko San Joanetik gertu
Luxuzko apartamentu turistikoak, Urdaibaiko paradisuan
Baserri bikaina (euskal baserri tipikoa), Euskadiren sei mendetako historiaren lekuko dena. Oinarri horren gainean sortu ziren Ea Asteiko Etxeak. Hamar ostatu, igerileku klimatizatuarekin, txokoarekin, lorategiekin, wifi (doan), sukaldeak erabat jantzita, ibilgailu elektrikoak kargatzeko aukerarekin (doan) eta merezi dituzun erosotasun guztiekin.
Har ezazu atseden leku zoragarri honetan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako txokoak bisitatu ondoren: Gaztelugatxeko San Joan, Bermeo, Mundaka…
8. Akelarre hotela
Bikaintasuna, berrikuntza eta abangoardia, Zarautz eta Donostia/San Sebastián artean
Bost izarreko Akelarre hotela Donostiako erdigunetik kotxez 10 minutura dago, euskal kostaldean. Itsasoa da Akelarre unibertsoaren esentzia definitzen duen haria; horregatik, logela guztiek dituzte bistak Kantauri Itsaso zakarrera.
Akelarre Hotela hiru Michelin izarreko jatetxe propioa duten munduko hotel bakarrenetakoa da. Pedro Subijana chef ezagunaren sinadura daramana. Berrikuntzan eta bikaintasunean oinarritutako haren sukaldaritzako sorkuntzak bezerorik zorrotzenen gozagarri dira. Tokiko osagaiak maisulan gastronomiko bihurtzen dira, euskal sukaldaritzaren aberastasuna ospatzeko.
9. Kora Green City
Gasteiz Green Capital hiriburuko eco-friendly apartahotela.
Gasteizen, Euskadiko hiriburuan, dago Kora Green City, munduko ostaturik eraginkorrenetakoa. Ezagut ezazu Donostiatik Gasteizerainoko zure bidaian.
Imajina ezazu bidaia eroso eta osasungarri bat, zeinetan ingurumena zaintzen eta zure inpaktu ekologikoa murrizten lagunduko duzun. 27 eko-apartamentuetako bat aukeratuta, zure CO2 emisioak % 80 murriztea aukeratuko duzu, ia ezeri muzin egin gabe.
Yoga-saioez gozatu ahal izango duzu terrazan, eta Gasteizen zehar bizikletaz ibili ahal izango zara, antolatzen dituzten Bike Experience irteerei esker.
10. Ur Bare, oasi baketsua Zarautzen
Esna zaitzala kresal-usainak
Ur Barek Zarautz surf-herriaz gozatzera gonbidatzen zaitu. Hondartzatik minutu gutxi batzuetara, itsasoaren soinuarekin esna zaitezke, eta bista zoragarriez gozatu ahal izango duzu zure logelatik. otelaren txoko bakoitza dago eskualdearen jatortasuna errespetatzen duen ukitu garaikide batekin diseinatuta, giro eroso eta erlaxatua sortuz.
Dotore apainduta daude logelak, eta erosotasun guztiak dituzte; horrela, babesleku lasaia aurkituko duzu, Zarauzko leku zoragarriak bisitatu ondoren. Hotelak, gainera, janariaz gozatzeko aukera eskaintzen duen jatetxea da, euskal sukaldaritzako plater goxoak dituena. Nabarmentzekoak dira erabiltzen dituzten tokiko osagai freskoak.
Utz ezazu alde batera errutina, eta maitemindu zaitez euskal kostaldeaz!