Euskadi-Basque Countryko Grand Tour biraren Kontrasteak Agerian utziko dituen Egun baterako plana
Berdea eta urdina. Hondartza eta mendia. Arabako Errioxako ardoa eta Txakolina. Sukaldaritza tradizionala eta abangoardiako sukaldaritza. Arte klasikoa eta garaikidea…
Euskadik harrituko zaituzten alde asko ditu: hiri modernoak zein antzinako herriak; mendi garaiak zein kostalde amaigabea.
Hemen, modu berezian batzen dira tradizioa eta abangoardia, giro ahaztezina sortuz.
Ausartzen al zala Euskadi-Basque Country Tour birako bigarren etapan egin dezakezun egun batera plan honetan egiaztatzera?
Euskal kostaldeko Geoparkea
2. Etapa: Zarautz – Donostia/San Sebastián, Euskadi urdina eta berdea
UNESCOren izendapena duen Euskal Kostaldeko Geoparkeak 90 kilometro koadro inguruko azalera du, Deba, Zumaia eta Mutriku udalerrietan. Bigarren etapan aurkituko dituzu herri horiek, Zarautz eta Donostia/San Sebastián batzen dituen etapan.
Nabarmentzekoa da geoparkearen geologia ikusgarria, batez ere flysch deritzon harkaitzez osatutako formazioa erakusten duten 13 kilometroko itsaslabarretan. Haitz-geruza horiek entziklopedia bisual bat dira, eta Lurraren 60 milioi urte baino gehiagoko historia irakur daiteke geruza horietan
Geoparkeko zona karstikoak haitzulo ugari ditu, Ekaingo kobazuloa, esaterako, Deban; 2008an izendatu zuen UNESCOk Munduko Ondare. Zestoan dago kobazuloaren erreplika bat, Ekainberri, eta badago hura bisitatzeko aukera.
Ezinbestean bisitatu beharreko Geoparkeko bost leku:
Ezagut ezazu Euskal Kostaldeko Geoparkea, historia geologikoaren milioika urteetan barrena eramango zaituen altxor naturala.
Saturrarango hondartzetatik hasi eta Lastur haraneraino, geoparkeko leku guztiek erakusten dute Lurraren historia. Flysch beltzak eta dolinek gizakiaren eta naturaren arteko harremana erakusten dute. Txoko bakoitza da planetaren bilakaera behatzeko leihoa.
1.Itzurun: Geoparkeko altxorra
Zumaiako Itzurun hondartza da flyschak garrantzi handiena hartzen duen gunea; fenomeno geologiko horren bertikalean jarritako geruzek dinosaurioak desagertu zireneko garaia ulertzen lagundu dute.
Gaur egun, mundu osoko geologoek jarraitzen dute liburu natural ikusgarri hau erabiltzen, Lurraren jokaerari buruzko erantzunak aurkitzeko.
Ba al zenekien Juego de Tronos telesaileko dragoiek geldialdia egin zutela Itzurungo flyschean eta itsaslabarretan Erregearen Lehorreratzean?
2.Elorriaga: Txakolin zaporeko itsaslabarrak
Elorriaga esploratzea zure oroitzapenean aztarna ahaztezinak utziko dituen esperientzia batean murgiltzea da. Txakolinaren sorlekua da landa-inguruneko tradizioz betetako txoko xarmagarri hori. Auzoan barneratzen garenean, Andutz eta Izarraitz kareharrizko mendiak begiesteko aukera ematen zaigu.
Ez zaitez gelditu Baratzazarrak begiratokia bisitatu gabe, flyscheko itsaslabarrak ikusteko zurezko plataforma. Euskal kostaldearen ikusmira paregabea.
3.Sakoneta: aire zabaleko museo geologikoa
Deba eta Zumaia arteko Paisaje Natural Babestuaren bihotzean dago Sakoneta, naturaren indar basatiekin duen konexioa erakusten duen txokoa. Hemen, itsaslabarrak etengabe ari dira Kantauri itsasoaren oldarren aurka borrokatzen, eta zati batzuk erori ere egiten dira.
Historia geologikoaren lekuko da flyscha, eta harro ageri da marearteko zabalgunea modu paregabean hedatzen den agertoki honetan. Surflariak zein ibiltariak erakartzen ditu lurralde honek; Sakonetako ibilbide geologikoa haien kabuz egin dezakete oinezkoek edo, nahiago badute, irteera gidaturen bat egiteko aukera dute, marearteko zabalgunearen biodibertsitate aberatsa ezagutzeko.
4. Saturraran: flysch beltzaren dantza liluragarria
Altxor bat bailitzan azaleratzen da Saturraran hondartzen artean; ilargi-erdi itxurako forma bitxia du, mendebaldera begira, eta izen bereko lurmuturrak babesten du Kantauri itsasoaren indar menderaezinetik.
Flysch beltzak osatzen du lurmutur hori, eta hantxe daude Geoparkeko geruzarik antzinakoenak. Orain dela 100 milioi urte baino gehiago sortu ziren geruza horiek, Bizkaiko Golkoa irekitzen hasi zenean. Bisita ezazu Mutrikuko Nautilus Museoa, eta harrituta geldituko zara 30 urtean baino gehiagoan itsaslabarretan bildutako amonite erraldoien bildumarekin.
5.Lastur: Geoparkeko haran ezkutua
Barnera zaitez Lasturren xarma misteriotsuan, Geoparkearen barneko sakan luzanga eta sakon modura ageri den ezkutuko haranean. Haran itxia da, eta lurpean desagertzen dira hango urak, dolina deritzen inbutu moduko formazio ikusgarri batzuetan barrena.
Leku ospela da, nekazaritza-historia luzea duena. XIV. mendeaz geroztik, oso garrantzitsua izan da hemen ura. Antzinako burdinolak daude, Plazaolako errota kasu; herriko plazan dago, eta bisita daiteke. Merezi du haran hau ondo ikustea eta dituen begiratokiak ezagutzea. Haranaren goiko aldetik, Geoparkeko tontorrik garaienak begiets daitezke.
Zer egin Euskal Kostaldeko Geoparkean
Geologia eta Lurraren historia gustuko baldin badituzu, ez zaitez gelditu Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutu gabe. Jarduera eta esperientzia asko bizi ahal izango dituzu.
Geoparkeko bisita gidatuan, hurbiletik begiztatu ahal izango dituzu itsaslabar ikaragarriak eta ezkutatzen dituzten sekretuak deskubritu. Espezializatutako gidariek azalduko dizute nola eratu ziren haitz horiek, eta inguru horretan aurkitu diren fosil nabarmenenak erakutsiko dizkizute. Gainera, Lurraren historia geologikoaren inguruan eta denboran zehar nola eboluzionatu duen ikasteko aukera izango duzu.
Baina esperientzia ez da mugatzen hori guztia itsasotik begiztatzera. Bestelako bisita gidatuak ere eskaintzen ditu Geoparkeak, hala nola mendi-ibiliak itsaslabarretan zehar, eta inguruko museo geologikoetara bisitak. arduera horiek geologiari buruz eta fosilak eta itsaslabarrak nola eratzen diren ikasten lagunduko dizute.
Azken batean, Euskal Kostaldeko Geoparkea esperientzia ahaztezin batez gozatzeko leku paregabea da. Ez dio axola geologian aditua zaren edo, besterik gabe, Lurraren historiari buruz gehiago deskubritzeko jakin-nahia duzun; edonola ere, leku honek harritu egingo zaitu eta itzultzeko gogoz lagako zaitu.