Markina-Xemein

    • Legenda-bideetan zehar
      Lekeitio — Vitoria-Gasteiz

    Deskribapena

    Markina-Xemein Lea-Artibai eskualdeko Bizkaiko hiribildua da. XIV. mendearen erdialdean sortu zen, Markina herrigunearen eta Xemeingo elizatearen bat-egitetik. Bere hiriguneak jatorrizko Erdi Aroko trazadura gordetzen du, hiru kale luzek eta zeharkako kale batek antolatua, eta balio handiko ondare-multzoa hartzen du.

    Hirigunean bertan daude Karmengo komentua eta eliza, Sortalekua jauregia —gaur egungo udaletxea—, Andonegi eta Ansotegi jauregiak, Antxia dorrea eta antzinako udaletxea. Inguruan, Patrokua jauregiak, Euskadiko Monumentu Nazional izendatutako Xemeingo Jasokundeko Andre Mariaren parrokiak eta Arretxinagako San Migel ermitak osatzen dute interes handiko ondare-ibilbidea. Azken hori tenplu hexagonal berezia da, eta haren aldarea hiru harkaitz erraldoik osatzen dute.

    Bizkaiko Donejakue Bidearen sarrera nagusietako bat denez, hiribilduak bide horretatik igarotzen diren erromes ugari hartzen ditu urtero. Ibilbide historiko horrekin duen loturaz gain, Markina-Xemeinek harreman estua du euskal pilotarekin. XVIII. mendetik aurrera, bere frontoia Pilotaren Unibertsitatea izenez ezaguna izan da, zesta puntako pilotari handien prestakuntzan erreferente eta mundu osoko zale eta jokalarien topagune bihurtuta.