Bisita gidatua Kexaako Monumentu Multzora
- Jatorriaren eta etorkizunaren bideaOrduña — Bilbao
Deskribapena
Kexaako Monumentu Multzoa Aiaran dago, izen bereko Arabako haranaren erdigunean, belardi eta muinoz inguratutako paraje batean. 2023tik Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoa da, eta Kultura Ondasun Kalifikatu izendatua; gainera, Euskal Herriko ondare zibil eta nobiliarioaren adibiderik ondoen kontserbatuenetakoa da.
Multzoa batez ere XIV. mendearen bigarren erdian eraiki zuten Fernán Pérez de Ayalak eta haren seme Pedro López de Ayalak, Aialako Kantziler izenez ezagunak. Azken hori olerkaria, lau erregeren kronikagilea, diplomazialaria eta Errenazimentuaren aitzindarietako bat izan zen.
Multzoa honako eraikin hauek osatzen dute: oinplano karratuko jauregi gotorra, izkinetan bi dorre dituena; 1378an sortutako Ama Domingotarren komentua; Done Joan Bataiatzailearen eliza —erretaula barrokoak eta Kantzilerraren seme-alaben hilobiak dituena—; eta Ileko Andre Mariaren dorre-kapera, Kantzilerrak berak 1399an eraikitakoa bere hileta-kapera gisa. Bertan gordetzen dira Pedro López de Ayalaren eta haren emazte Leonor de Guzmánen alabastrozko hilobiak.
Bisita gidatuak Kantzilerraren figura eta hura inguratu zuen arkitektura ezagutzeko aukera ematen du, barrualdeko merkataritza-bideen eta kostaldearen arteko igarobide izan zen gune historiko paregabe honetan.
