2. etapa

Loiolako Santutegia

Scroll down
Zer egin > Ondare Kulturala > Loiolako Santutegia

Bisitatu Loiolako santutegia

Bisita gidatu bat, inoizko euskaldunik garrantzitsuenetako baten historia ezagutzeko.

Arkitektura-konplexu handi hori San Ignazioren jaioterrian dago, eta haren sorleku izateagatik da ezaguna, besteak beste. San Ignazio Loiolakoak sortua da Jesusen Lagundia (Jesuitak).

Bisitatu Loiolako santutegia, eta murgildu euskal barrokismoaren ikur horrek iradokitzen dituen bakean eta edertasunean. Ezagutu San Ignazio Loiolakoaren bizitza, haren jaiotetxea arakatuz, zeina arte sakroz eta erlikiaz betetako museo bihurturik baitago. Miretsi basilika ikaragarria, arte barrokoaren altxorra, eta parte hartu Espiritualtasunaren Zentroan antolatzen dituzten erretiroetan, esperientzia introspektibo bat izateko.

Bisitan, santutegiko lorategietan barrena paseatu ahal izango duzu, eta hausnarketa pertsonalerako gune bat topatuko duzu. Horretaz gainera, Hiru Tenpluen ibilbidea izango duzu aukeran —Ignaziotar Ibilbidea ere deitzen diote toki batzuetan—.

Hiru Tenpluen ibilbidea erlijio- eta kultura-zeharkaldi bat da, eta hiru espiritualtasun-gune garrantzitsu lotzen ditu: Arantzazuko santutegia (Oñati), Loiolako santutegia (Azpeitia), eta Antioko Andre Mariaren eliza (Zumarraga). Fede-bidea izateaz gainera, euskal artea, historia eta paisaia naturalak arakatzeko aukera ere eskaintzen du ibilbideak.

Bilatzen duzuna bilatzen duzula —izan aberastasun espirituala, izan historiaz eta kulturaz gozatzea—, Loiolako santutegiak esperientzia paregabea eskainiko dizu, ingurune natural ikusgarrian uztartzen baititu artea, historia eta espiritualtasuna.

Informazio gehiago eta erreserbak